XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Agian, oroigarriak ditugu, besteak beste, Francisque Michel-en Le Pays Basque (1857) deritzan liburuko Poésies populaires des basques saila, J.D.J. Sallaberryren Chants populaires du Pays Basque (1870), J. Manderolaren Cancionero vasco (1877-1878) eta beste.

R. M. Azkueren Cancionero popular vasco, mende honen lehen urteetako bilketa lanez osatua, eta Euskalerriaren Yakintza, lau tomotan, 1935-1947. urteetan argitaratuak. Bestalde, J.M. Barandiaranek mende honen lehen partean egin zituen ipuin eta kondairen bildumak, Hojas de Eusko-Folklore zeritzaien orri haietan argitaratuak. Bada horietan herri literaturaz zer ezaguturik.

Geroztik etorri dira euskal literaturaren historiak. Euskaraz, lehenengoa, nik dakidanez, nolabaiteko metodologiaz Orixek argitaratua: Euskal literaturaren atze edo edesti laburra, 1927an Euskal Esnalea aldizkarian argitaratua eta Manuel Lekuonaren Literatura oral euskérica (1935).

Azkenaldian egin diren lanik sakonenak, Mitxelena eta Villasanteren Historia de la Literatura Vasca deritzaienak dira, lehena 1960an eta bigarrena 1961ean argitaratuak. Horien ondotik eman zigun Mitxelena berak Textos arcáicos vascos (1964).

Tovarren La lengua vasca (1950) dugu beste liburu bat kontuan hartzekoa, hizkuntzaren tipologia ikerketaz gainera, XVI. mendetik XVIIIra arteko literaturaren berriak eskaintzen dizkigu, Larramendi, Haraneder, Pouvreau, Kardaberaz eta beste zenbait idazleren berriak emanaz. Gaur egun gure literatura ezagutzeko hain beharrezko zaizkigun liburuak.

Antologiak maiz agertu dira, batez ere poemenak. Idazlerik hautatuenekin egina da Lafitteren Eskualdunen Lorategia, 1931an, bertsoz eta hizlauz, 1800.era arteko egileekin osatua...